Cet article est également disponible en : French

Sar hitza
-Euskal Iheslarien kolektiboa anitza eta zabala da. Mendeetan ugariak
izan dira arrazoi politikoengatik eta jazarpen errepresiboak bultzatuta Euskal Herritik
ihes egin behar izan duten euskal herritarrak. Erregimen frankistaren trantsizioaren
baitako prozesuak ez zituen nazioen eskubideak aitortu, ez zituen beraz
euskal herritar askoren nahi demokratikoak bete ezta Estatu Espainolaren botere
guneen logika errepresiboaren benetako birmoldaketa ekarri. Ondorioz, 1977.
urtetik aurrera ehunka izan dira ihesean joan diren euskaldunak, jada frankismo
garaitik zeudenekin bat eginez, eta euskaldun horiekiko guztiekiko elkartasuna
adierazteagatik beren mugimendu askatasuna mugatua duten herritarrak.
-50 urte hauetan iheslariok askotariko jazarpen neurriak pairatu ditugu.
Errepresio estrategiak nazioartekotu direnetik gure kontrako jazarpena lurralde
ezberdinetara zabaldu da. Egun ia kontinente guztietan, Estatu ugarietan, egoera
juridiko ezberdinetan, kokatua dagoen Kolektiboa gara. Euskal iheslarion
auzia nazioarteko auzi bilakatu dela esan dezakegu.
-Euskal iheslariok gatazkaren konponbidearen aldeko subjektu izan gara
eta gara, konponbidearen alde izan diren iniziatiba politiko ezberdinak beti bultzatu
eta egikaritu ditugu. Era berean, hamarkada hauetan gure giza eskubideak
eta bizi duintasuna ziurtatzeko bitartekoak jarri ditugu eta norabide
horretan nazioarteko eragile eta pertsona askoren elkartasun eskuzabala jaso
dugu. Honek guztiak Kolektiboa egin gaitu.
-Hortaz, Euskal Herriak pairatzen duen gatazkari soluziobide demokratikoa
emateko irekia den prozesua bultzatzeko ekarpena egin nahi dugu. Euskal
herritar inork arrazoi politikoengatik gure herritik ihes egin behar ez dezan. Euskal
Herriko gehiengoak eta nazioarte mailako eragile ugarik gatazkaren izaera
eta ondorioei erantzun demokratiko bat eman behar zaiola aldarrikatu dute.
Horren aldeko dinamika berritzaile bat egituratzen dabiltza eta guk prozesu horren
baitako eragile aktibo bilakatzeko konpromisoa hartu dugu.
-Euskal herritar errepresaliatu guztiak Euskal Herrira eta beren etxeetara
bueltatzeko garaia da. Eta gure eskutan dauden urratsak emateko prest gaudela
adierazi nahi dugu.
Sorterritik sorterrira, lepoan hartu eta segi aurrera
EIPKren ekarpena
5

Konponbidea egituratzeko eta iheslariok etxeratzeko garaia heldu da
-Azken urteetan gatazka politiko armatuaren konponbiderako urrats eta erabaki
garrantzitsuak eman dira. Hauen artean, ETA erakundeak borroka armatuaren
erabilerari behin betiko uko egitea. Erabaki horrek, ezinbestean,
gatazkaren izaera armatua beste parametro batean kokatu du. Gure ustez,
egoera berri honetan, azken hamarkadetan ezarri edo gure kontra modu berezi
batean erabili diren salbuespeneko neurri errepresiboak berraztertu behar
dira. Neurri hauek indargabetzeko edo berraztertzeko askotarikoen arteko akordio
politikoak beharko dira.
Bide honetan:
-Tortura bidezko deklarazioetan oinarrituta dauden prozedura judizialak
eta, ondorioz, hauetatik eratorritako atxilotze aginduak zein euroagindu
eta estradizioak bertan behera uztea eskatzen dugu. Nazioarte mailan,
Estatu espainolean euskal auziarekin loturiko atxiloketetan tortura erabiltzen
dela onartua dagoela azpimarratu nahi dugu gainera.
-Legedi arruntean oinarritutako arauetan jada artxibatuta/amaituta egon
beharko luketen prozedura judizialak –hau da, salbuespenezko legediaren
ondorioz oraindik bizirik dirautenak– bertan behera uztea eskatzen dugu.
-Iritzi, adierazpen eta elkartze eskubideen aurka irekitako prozedura judizialak
eta, ondorioz, hauetatik eratorritako atxilotze aginduak zein euroagindu
eta estradizioak bertan behera uztea eskatzen dugu.
-Munduko herrialde ezberdinetan deportatuta eta konfinatuta dauden
euskal herritarrenmugimendu askatasuna bermatzea eskatzen dugu, egoera
horiei amaiera emateko.
-Mende erdi honetan arrazoi politikoengatik ihes egin behar izan duten euskal
herritarron egoera anitza da. Batzuek harrera estatuen naziotasuna edo errefuxiatu
politikoaren estatusa onartua dute. Iheslari gehienok ordea ez dugu inongo
aitortza politikorik. Zenbait barne desplazatuak gara Euskal Herrian bertan,
eta beste askok deportatuak, konfinatuak edo itzalean gaude mundu zabalean.
Urteetako ibilbide honek gutariko askok prekarietate eta babesgabetasun
egoera larrian egotera ekarri du. Iheslariok euskal herritarrak gara, nazioartean
onartua den gatazka baten subjektu eta ondorioa, eta beraz euskal jendarteari
eta agintaritza politikoari dagokie gure bizi duintasun eta oinarrizko eskubideak
ziurtatzeko neurriak hartzea. Besteak beste:
-Iheslari gaixo larrien zerrenda eta beren egoera konpontzeko bideak aztertuz.
-Bazterketa egoeran dauden iheslarion duintasuna ziurtatzeko neurriak
hartuz.
-Iheslari guztion etxeratzean lagunduz.
Denbora pasa ahala egoera hauek larrituko direla ohartu nahi dugu, ugariak
baitira 60 urtetik gorako euskal iheslariak.
6
-Euskal Herriak pairatzen duen gatazka eta enfrentamenduaren konponbidea
sustraiko arrazoi politikoei eta ondorioei soluzioa emateko prozesuaren eskutik
etorriko da. Horrela adierazi du euskal gehiengoak. Gatazkaren ondorioen soluziobidean
kolektibo ezberdinek pairatu dituzten/ditugun eraso eta bizitako
egoeren kontaketa eta hauen konponbide soziala garrantzitsua dela uste
dugu. Hau baita modu konpartitu batean eraiki nahi dugun jendarte demokratiko
berriarentzako baldintza eta oinarrietako bat.
-Iheslariok, desagerpenak, kalteak eta hildakoak eragin dituzten erasoak
bizi izan ditugu. Hauen atzean Estatu espainolaren zein frantsesaren eskuhartzea
dago. Iheslariok, senideek eta Euskal Herriak, oro har, gertakari
hauen inguruko egia jakiteko eskubidea dugu.
-Era berean, gure herriaren ondare kontsideratzen dugun heinean, urte
hauetan bizitakoa eta gure hautu politikoaren zergatiak euskal jendarte
osoarekin partekatzeko dugun nahia adierazi nahi dugu.
Konponbide garaia da, Euskal Herriaren geroari itxaropenez begiratzeko eta
berriro ere inoiz inork bere sorterritik ihes egin behar ez izateko. Gizon-emakume
librez osaturiko herri librea egitera goaz.
Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa
Biarritzen, 2013ko ekainaren 15ean
7