Poitierseko etapa bukatu da!

Cet article est également disponible en : French

 

Espetxe biraren etapen erdia bukatu berri dugu. 12 egun pasa dira Frantziako espetxe bira hasi genuenetik: Mont de Marsan, Tolosa, Marseilla, Lyon eta Poitiers-etik pasa gira. Azken etapa honetan, anitzak izan dira izandako hitzorduak. Egun gehien iraun duen geldialdia izan da, nahiz eta egun guziak ez igaro Poitiers-en bertan.

Etapa honen lehen eguna Urzechen pasa genuen, bertako Giza Eskubideen Ligako (LDH) militanteekin. Biharamuna, igandea zela eta, pausatu ginen, azaroak 27ko eguna bateriak kargatuta hasteko eta Poitiers-erako bidea egiteko.

Egun mamitsua izan da astelehena. Goizeko 11:00etan prentsaurrekoa burutu genuen eta bertan izan zen gurekin, Philippe Pineau, Poitiers-eko LDHeko lehendakaria. Egunarekin bukatzeko, GENEPIk antolatu zuen zine mintzaldira joan ginen, hizlari gisa. Sorpresa polita eraman genuen, sala jendez betetzen joan baitzen pixkanaka pixkana eta orotara, 100 personatik gora bildu baikinen. Mintzaldia giro goxoa burutu zen.

Biharamunean, delegazioa bitan zatitu zen. Talde bat Châteauroux-ra joan zen herriko etxean genuen bilkura parte hartzeko. Bilkuran, François JOLIVET diputatuaren kolaboratzailea den (LREM) Aurélie LOEILLET-rekin eta Chateauroux-ko auzapez ordea eta segurtasun arduraduna den Memin jaunarekin bildu ginen. Arratsaldean, LDHeko lokalera hurbildu ginen prentsaurrekoa eskaini ahal izateko. Horren ostean, Poitiers-erako bidea hartu genuen. Bidean, Châteauroux-en aurkitzen diren bi kartzeletan gelditu ginen, zuzendariei gutuna helarazteko.

Bigarren taldea aldiz, Poitiers-en gelditu zen eta bertako diputatuekin bildu ziren: Vienneko La République En Marche (LREM) diputatua eta Asanblada Nazioanaleko lege batzordeko kidea den Jean Michel CLÉMENT-ekin, Francois MATTONekin, Vienneko 1.hautesbarrutiko Jacques SAVATIER (LREM) diputatuaren kontseilariarekin eta Sacha HOULIÉ, LREM-eko kidea eta Asanblada Nazioanaleko lehendakari ordearen Kontseilariarekin, Guillaume HUSSON. Bisita oso aberatsak izan ziren.  Zehaztu behar da, Jean Michel CLÉMENT-ek, “Au risque de la Paix” agiria izenpetu duela, abenduaren 9ko mobilizaziora deituz.

Egunari amaiera emateko, LDH-ek antolaturiko « Bakea Euskal Herrian » eztabaidan parte hartu genuen.

Eta gaur, etapa honen azken egun honetan, Île de Ré-n egon gira. Bertara iritsi bezian fite, 11:00etan, prentsaurrekoa eskaini dugu presondegi aitzinean.